top of page

#Ziberkongresua

#CIBERPEBI

  • Black Blogger Icon
  • Black Facebook Icon
  • Black Twitter Icon
  • Black YouTube Icon

 

Bárbara Yuste

 

Proiektu, hedapen eta bez.es-komunitateetako arduraduna

 

 

 

 

“El periodista conectado. Uso de las redes sociales en bez.es”.

Bárbara Yuste

Ziberkaztearitza Nazioarteko VIII. Kongresua
#CIBERPEBI

Kazetarien lanean, orotan bezalaxe, beti izaten da profesionalei ahaztu egin dakiekeen ezagutza edo printzipio funts-funtsezkorik, batzuetan egunerokotasunaren bultza dela, besteetan interesak tartean direla. Gertatu ohi da, baita, Unibertsitateetako komunikazio-eskoletan landu ohi diren alor horiek hain omen direla logikoak, hain erraza omen dela beraiek barneratzea, non oinarrizko kontu horiek arbuiatzea joera benetan indartsua bilaka daitekeen… bai eta arriskutsua ere.

 

Gaur egun Komunikaziorako tresnak teknologia digitalari esker izaten ari diren iraultzak audientziaren eskaria moldatu egin du. Horrek edukiotan eragina izan du eta, oro har, beraien kalitatearen kalterako izan da gehienetan. Hedabideen azkenaldiko arrakasta-eskasiari begira, bada hainbeste aurrerakuntzaren artean “atzera egin” nahi duenik. Atzera egin, jakina, tresna berrien abantailak albait baliatuz: alegia, Kazetaritza onaren printzipioak berreskuratzea mezu onak sortzeko, baina mezuok ekoitzi eta hedatzean Interneteko erreminta berriak modu arduratsuan aprobetxatuz.

Aipatutako horixe da, hain zuzen ere, urte honetako gaia bete-betean jorratuz Barbara Yuste Kazetaritzako doktoreak Kongresuan defendatu nahi izan duen tesia. Hitzaldian zehar, Yuste kontziente izan da, eta behin eta berriz horrela adierazi du, egiten dituen adierazpenak egia biribilegiak direla, “ezerezkeriak” ia. Esan liteke, hori bai, noizean behin gogoraraz daitezela behar duten egiak ere badirela. Zer esanik ez, aditu gehienek beltz ikusten duten panoraman.

 

 
Beti konektatuta egotearen ahalmenak… eta ardurak

Karlos III.a Unibertsitatean Sareko Kazetaritzako eskolak ematen dituen aldetik, baita Bez online albistariko proiektu-arduraduna denetik ere, Yustek badu esperientzia Web Kazetaritzaren munduan. Horregatik, ondo daki Komunikazio Teknologia berriek halabeharrezko aldaketak bultzatzen eta bultzatuko dituztela Kazetaritzan. Kontua honakoa litzateke: gaurdaino egindakoaren akatsak ezagutzea, onartzea, eta zuzentzen ahalegintzea.

Kazetaritza digitalaren garapenean gako-filosofia bat dago, haren esanetan: always-on delakoa. Internet edonon atzitu ahal izateak bai kazetari, bai audientzia, biak etengabe komunikazio-produktuetara (hedabideak, sare sozialak, etab.) konektatuta egotea ekarri du eta, horrez gain, gailu eramangarrien garapen-mailak posible egin du dagoeneko audientzia informazio-ekoizle ere izatea. Edukiak sortzeak, beraz, aldebiko noranzkoa du gaurko komunikazio-prozesu digitaletan.

Web-a horren zabala eta malgua izateak eragin du, baita, tradizioz soilik kazetarientzako informazio-iturri izan direnak kazetarien audientzia berberari zuzendu ahal izatea gaur egun, tartean giza-bitarteko aipagarririk ez dela. “Enpresak eta instituzio publiko zein pribatuak sare sozialetan dauzkaten profilen bitartez hel daitezke iritzi publikora”, aipatzen du Yustek horren adibide gisa. Eta honela darrai, ironia txikiaz: “Moncloak informazioa uneoro kaleratzeari ekion zionez gero, kazetariak Ministro Kontseiluetara agertzea ez da beharrezko izan”.

Galdegin liteke, orduan: kazetariek, egun, ba ote dute inon lekurik? Yustek baietz uste du, irmo: “Hedabideetara jo barik informazioa inoizkorik eskuragarrien izateak ez du esan nahi, derrigor, kazetariaren rolak desagertu egin behar duenik”. Zeinek behar luke izan, bada, kazetari baten bereizgarria? Yustek zera dio: “Ahaztu egin ohi zaigu, beste edozeren gainean, kalitatezko Kazetaritza egin behar dugula”. Horrela, bada, puntako baliabide teknologikoak erabiltzen ikasteaz harago, kalitate horri begira moldatu behar dute kazetariek egoera berrira.

Barbara Yustek gogorarazten duenez, “istorio onak” lortzea eta haiek modurik landuenean azaltzea litzateke lehia gogorra jasan beharko duten etorkizuneko kazetarien jarraibide nagusia: galdera egokiak egitea, ekoizkinetan ikuspuntu esanguratsu oro islatzea (lekukoak, arrazoiketak, etab.), eskainitako datuak egiaztagarriak izatea, elementu informatibo osagarriak (bideoak, infografiak, etab.) egokiak izatea, emandako informazioak adigarri egitea… eta, oro har, interes orokorreko informazioa eskaintzea, edozein instituziok ezkuta eta hiritar arrunt batek ekoitz ezin lezakeena. Honen harira, egun “Datuen Kazetaritza” deritzona aipatu du joera on gisa.

 

Joera txarrak, joera zaharrak: bietatik ihesi

 

Gauzak horrela, doktore eta hizlariak balizko kalitate horren bi etsai ezagun aipatzen ditu, horiek ere aski zabalduak gaur egungo Kazetaritza digitalean: kazetariek iritzi gehiegi botatzea, eta huskeriak albistegai erabiltzea. Azken horren adibide sinbolikorik aipatzearren, Barbara Yustek adierazi du “izan badela kazeta digital arruntetan Kardashianen popa gai duen albisterik”. Tankera horretakoak arin ugaritu dira azken urteotan, hizlariak aipatu duenez, ziberkazetaritzaren boomaren hastapenetatik online eduki esklusiboen kantitatea lehenetsi izan delako, eta kalitatea, aldiz, zokoratu.

Barbara Yusteren aburuz, gaur egun bi motatako hedabide digitalak existitzen dira aurrekoaren arabera. Batetik, “kontsumitzen erraza den informazio arinean” berezituak direnak daude, “Huffington Post” adibidez, moda edo joera hutsetatik albisteak egiten dituztenak. Bestetik, “kazetaritza bareagoa” egiten duten kalitatezko hedabideak daude, Jot Down esaterako, informazio-mota jakin batean berezitu ohi direnak eta analisi sakona bultzatzen dutenak.

Eduki landugabeen aurka, kazetariek iritzi hutsa baztertu eta arretarik handiena “gertakari eta datuetan” jarri behar luketela uste du Yustek. Izan ere, irakaslearen esanetan, “gai jakinen gaineko iritziak gai jakin horietan adituak direnek soilik eman behar dituzte”, eta kazetarien zeregina, beraz, “galderak egitea” eta beroriek erantzuteko baliabideak lortzen ahalegintzea litzateke. Iritziak kualifikatuak izateak berak ere lagundu dezake, noski, edukiak kalitatez hornitzen.

Aldi berean, nostalgiaz “Kazetaritza on” dei lekiokeenaren erroetara itzultze horretan, kontuan hartu behar da online Kazetaritzan, besteak beste sare sozialen bidez bizi-bizi egiten den horretan, hedabide tradizionaletan garrantzia handia zuten, baina plataforma modernoetan “zaharkituta” gelditu diren ohiturak daudela. Horietako bat da hedabide digitalak azken ordukoak ematen lehenak izaten tematzen direla. Barbara Yustek alderdi hori gutxietsi egiten du gaurko panoraman; izan ere, sare sozialen bitartez “esklusiba bat edonon agertzen da bi minuturen buruan”, berak dioenez. “Berehalakotasuna ez da jada hedabide onen bereizgarria”, baieztatu du, kazeta tradizionalen edizio digitaletan oraindik joera hori nagusi dela nabarmentzeaz batera.

 

 

Euskarri digitalak ondo baliatuz: sare sozialak

Arrakastarako gakorik inportanteena honako esaldi honekin laburbiltzen du Barbara Yustek: “Kazetariek mundura konektatuta egon behar dute, ezin diote utzi ingurukoa ulertzeari”. Baldintza horrek, baina, kazetarien lana izugarri zaildu du, toki eta plataforma askotatik heldu ahal baitzaie informazioa gaur egun. Iturriak hainbeste, eta beti onak ez izanik, gaurko eta etorkizuneko kazetari digitalek Content Curation deritzonean trebatu behar dutela aldarrikatu du hizlariak; alegia, audientziari transmititzea merezi duten edukiak bereizten ikasi beharko dutela.

Hala, sare sozialen ahalmenak gaizki erabiltzea izan liteke hedabideei, batez ere tradizionalei, egin ohi zaien kritikarik ohikoena. Hedabideek feedback gaitasun delakoa behar bezala ustiatzen ez dutela ez du ahazten Yustek. Argi azaltzen du: ”Edukiak partekatzeak ondo funtzionatzen du, haiek ezagutaraztea ahalbidetzen duelako, baina ez da sare sozialek eskaintzen duten bakarra”.

 

Jazoeretatik gertu egoteko, kazetariek networking delakoan aktiboki esku hartu behar dutela aldarrikatzen du Yustek. “Kazetariek trebe izan behar dute Harreman Publikoetan”, gaineratu du. Horri esker, sareek irakurle, entzule edo ikusleek edukiei buruz zer pentsatzen duten jakiteko balio izan dezakete, baita informazioa kontrastatu eta istorioak bilatzeko ere.

 

Bez.es eta ziberkazeta eredugarriak

Barbara Yusteren iritziz, ekosistema digitalean sortu izan diren hedabideak, tradizionalen alternatiba direnak, “kazetaritza-lan bikaina egiten ari dira” gaur egun: “Beraiek ari dira, egun, informazio ona eskaintzen dutenak”. Hedabideon artean leudeke, haren esanetan, Jot Down, El Español, El Confidencial, eta oso gertukoa duen bat: Bez. Yustek nabarmentzen du, aipatutako adibideotatik, guztiak direla kazeta tradizionaletan lanpostua galduta proiektu berriei ekin zieten kazetariek sortuak.

Yusteren arabera, Bez-en hitzaldian zehar aipatutako gomendioak aplikatzen saiatzen dira. Egun bakoitzean sei istorio berri kaleratzen dituzte, gehienez, “zarata gehiegi” ez egiteko. Sare sozialak modu interaktiboan erabiltzen saiatzen dira, bai informazioa osotzeko, bai istorio berriak egiteko, debateak egiteko, etab.

bottom of page