top of page

#Ziberkongresua

#CIBERPEBI

  • Black Blogger Icon
  • Black Facebook Icon
  • Black Twitter Icon
  • Black YouTube Icon

 

Pere Freixa Font

 

(Pompeu Fabra Unibertsitatea)

 

“Comunicación y periodismo interactivo: perfiles, competencias y aprendizajes”.

Pere Freixa Font

Ziberkaztearitza Nazioarteko VIII. Kongresua
#CIBERPEBI

Kazetaritzaren historia bertan urteetan zehar erabili izan diren erreminten historia da neurri batean; hots, beraien garapenaren historia. Ezin uler liteke Kazetaritza klasikoa inprenta, linotipia eta paperik gabe. Etorkizunekoa, ordea, paper ala paperik gabe ulertu behar da? Bada, inork gutxik egiten du paperezko kazeten alde egungo adituen artean. Gehien-gehienek euskarri horren desagerpena aldarrikatzen dute, hura ekoitzi eta erabiltzeak dakartzan arazoak direla medio.

Plataforma digitalen aldeko gehiengoak, bitartean, horien abantailarik handiena erabiltzen du berorren babesean: erabiltzailearekiko interaktibotasuna, hain zuzen ere. Testuinguru digitalean erabiltzaileek eduki biziak eskatzen dituzte, indibiduo bakoitzaren jakinmin eta beharretara moldatzen direnak, eta antigoaleko tinta eta paper estatiko soilez zeharo eskuraezinak liratekeenak. Horrenbestez, pentsa liteke horretan datzala Kazetaritzaren krisitik ateratzeko gakoa.

Pere Freixa Fontek, Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle denak, interaktibotasunaren mundua oso gertutik ezagutzen du, multimedian eta sistema interaktiboetan aditua baita. Komunikazioa eta Kazetaritza interaktiboa: profilak, gaitasunak eta jarduerak izeneko bere hitzaldian eduki dinamikoak bultzatzeko proposamena egin nahi izan du.

 

 
Kazeten salbazioa ote da interaktibotasuna?

Dena ez denez dirudien bezain sinplea izaten inoiz, honetan ere ezin kontsideratu interaktibotasunean profesioarentzako panazea aurkitu denik. Pere Freixa irakasleak zalantzarik ez du ”Kazetaritza ezerk salbatuko badu, Web-ak behar duela izan” irtenbide horrek. Gaur egun arte egin izan diren proiektu digitalak, interaktiboak barne, baina, ez dira espero zitekeen bezain entzutetsuak izan argitalpen handien kasuan ere, oro har paperezko kazeten webguneekin gertatu izan den bezalaxe.

The New York Times egunkari ospetsuaren azken txosten ekonomikoko datuei begira (2016ko 2. hiruhilekokoa) ezkor agertu da Pere Freixa: “Ez dut uste edizio digitaleko harpidetuek hedabide handiak salbatuko dituztenik”, adierazi du, “baina [edizio digitalek] badute zerbait oso erakargarria dena”. Ezaugarrion artean “ekonomikoagoak izatea” nabarmentzen du hizlariak, eta batez ere hedabide txikientzat interesgarri izan litekeela baieztatu du. Nahikoa ondorio bitxitzat jo liteke, hortaz, Freixa Fontek ateratzen duena, batez ere aintzat hartuz gero The New York Timesek interaktibotasunaren alde egin izan duen apustua. Horren adibide gisara, hizlariak Snow Fall erreportaje multimedia jartzen du adibide gisa; alegia, Pulitzer saria jaso zuen modalitate horretako lehenengo lana izan zena.

Testuinguru akademikoari dagokionez, bistakoa da Freixa Font irakaslearen aburua nahikoa ezkorra dela. Haren esanetan, “sortutako literatura behatuz gero, interaktibotasun kontzeptuaren gainean nahikoa adostasun txikia dagoela ikusiko dugu”. Literatura horren balioa ere kolokan jartzen du, besteak beste, aurrerapen teknologiko etengabekoagatik: “Webguneetara sartu eta bertan zegoena deskribatzen genuen beste barik. Web bati oso interaktibo esaten genion argazkiak pasatzeko aukera emateagatik soilik. Gaur egun hori pobreegia da”, adierazi du irakasleak.

 

 

Interaktibotasuna inplementatuz. Adibide praktikoak

Batzuetan berben bitartez azaltzea zaila izaten denez, onena izan ohi da azaldu nahi den hori zuzenean erakustea. Zein itxura du, bada, interaktibotasunak? Ezaugarriak desberdinak izaten direnez inplementazioen arabera, hiru adibide nahikoa ezberdinak eskaintzen ditu Pere Freixak gaur egungo interaktibotasunaren eredu gisa.

Lehenengoa Kanadako Filmen Batzorde Nazionalak (National Film Board) 2012an sustatutako Bear 71 web dokumental interaktiboa da, Banffeko Parke Nazionaleko grizzly hartz bati kamera ezkutuen bitartez haren bizitzan zehar egin zioten jarraipena erakusten duena.

bottom of page