#Ziberkongresua
#CIBERPEBI

Michael Stevenson
(Groningeneko Unibertsitatea)
“Between fields: Understanding journalism startups”.
Michael Stevenson

Ziberkaztearitza Nazioarteko VIII. Kongresua
#CIBERPEBI
Michael Stevensonek New Media (hedabide berriak) izenez ezagutarazi zuen erreminta eta filosofia berritzaileen multzoa izan da Herbereetako Groeningen-eko Unibertsitatetik etorritako aditu honen saioaren jo-puntua.
Orain dela bi hamarkadako egoera teknologikora itzultzea beharrezkoa da New Media delakoen sorrera ezagutzeko. 90eko hamarkada hasierako asmakizunen eraginetik sortuko zen kontzeptu hori. Aspaldidaniko PCak, CD-ROMak, egungo Interneten muina den Web-a, eta, jakina, gaur nonahi ikus ditzakegun smartphone edo “telefono adimendunak”, horiek guztiak gizartean hedatu izanak egin du posible hedabide berriok sortzea.
Hala ere, New Media delakoak teknologia berri hutsetatik haragoko zerbait direla ondorioztatzen du Stevensonek; alegia, kontzeptuaren barnean ba omen da, teknologia hauekin batera, beren izaera euskarritzen duen sinesmen eta ideien ekosistema oso bat. Stevensonen arabera, hedabideen panorama berrirako “aldaketa erradikalaren” funtsa den horretan, egungo gizarteak komunikazio-erremintekiko duen etengabeko esposizioa da joera nabarmenetarikoa.
Horrenbestez, Stevensonek “gure ordenagailu eramangarriei, sakeleko telefonoei eta Twitter eta Facebook kontuei lotuta gaudelako ideiaren” nagusitasuna aldarrikatzen du, eta horrek “ikusle eta kazetaritzako ikasleentzat duen garrantzia” azpimarratzen du ere.
“Alorren Teoria” eta Kazetaritzaren etorkizuna
New Media kontzeptua azaltzeko, Pierre Bourdieu (1920-2002) frantziar soziologoaren Alorren Teorian (Field Theory) oinarritutako azalpenak ematen ditu Michael Stevensonek iragan maiatzean kaleratu zuen Ziberkulturaren garaia eta hedabide berrien alorra izeneko bere ikerketan. Hitz bitan, Bourdieuk zioen Gizartea aldez aurretik definitutako izate abstraktutan zatitu daitekeela: “alor” edo “eremu” izenekotan, hain zuzen ere. Alorrek arau-multzo jakin batek xedaturiko jarduera edo jokabide bat izaten dute bereizgarri, eta, horren menera, elkarren arteko lehia edo gatazkan diharduten zenbait “eragile” izaten dira, alorreko “kapital“ edo interesa bereganatzeko borrokan. Eragileok autonomia edo berezko borondatea dute, eta besteak gainditzea izaten dute helburu, dagozkien eremuetan nagusi izateko.
Horrela, Stevenson doktore eta irakasleak New Media izenekoen panoramari “alor” izaera ematen dio bere teorian, eta gauza bera egiten du hedabide tradizionalen paradigmarekin. Modu horretan definitzen ditu etorkizuneko hedabideen garapena baldintzatzen dituzten alderdiak. Hizlariaren esanetan, “koalizio” bat dago New Media delakoen eta Traditional Mass Media delakoen alorren artean, eta beraien arteko aldearen gakoa ez dira euretako bakoitzaren ezaugarri teknologikoak.