top of page

Alain Hidalgo

51. Durangoko Azoka - 2016
InfoKZ
infokz@gmail.com

EITBko Gaztea irratian Azokako
musika-jardueretako asko estaltzen dituzten profesionalen taldeko kidea da 26 urteko kazetari hau

Euskal Herriari zuzentzen zaizkion komunikazio-taldeen artean pisu nabarmena du EAEko irrati eta telebista publikoak hartzen dituen horrek. EITBren pisu hori Landako Gunean ere nabari daiteke egunotan. 2003tik aurrera Durangoko Azokaren kokaleku izan den erakustokiaren bi puntetan hedabideentzat atondutako gune bana dago, biak ekitaldiaren ikuspegi ederrekin, eta horietako bat ia osorik hartzen du EITBk. Toki pribilegiatu horretan, Alain Hidalgok Ahotseneako musikarien eta helburuko publikoen gainean dituen uste batzuk partekatu ditu gurekin.

Begi bistan da euskal gazteria garrantzi biziko publikoa dela Durangoko Azokan. Bertako programazioan eta produktu-eskaintzan ere horrela gertatzen da, euskal gazteria estereotipikoak atsegin dituen joerak nagusitu egiten baitira. Hala ere, gazteentzako produktu dei lekiekeen horiek publiko helduagoa ere erakar dezaketela ematen du Hidalgok aditzera, eta horretan oinarritzen da Ahotseneak “publiko oso handia” hartzen duela esatean.

Ondoriozta liteke, beraz, adinari dagokionez publikoa zabala izatea ez zaiola zor, bereziki, Azokan gazteentzako musika vs. helduentzako musika delako dikotomia atzerakoiari jarraitzen dioten bi motatako musikariak aurkezteari, baizik eta adin desberdinetako publikoek musika-estilo anitzetarako zaletasuna edukitzeari.

Kazetariak, baina, ez du agerikoa ukatzen. Ahotsenean publiko gaztea eta berari zuzendutakoak “oso nabariak” direla onartzen du Hidalgok: “Talde asko daude gazte publikoari zuzenduta”, esan digu. Hainbaten artean, horien lau adibide aipatzen ditu: Skakeitan, Hesian, Zea Mays eta Gatibu, eta gaineratu du “jende gazte mordoa” mugiarazten dutela horiek, baina “helduagoak ere bai”, haren ustetan.

Bestalde, nolabaiteko izaera alternatiboa antzeman dakioke, Hidalgok esan legez, “agian, publiko helduago bat” helburu duten musika-sortzaileei buruz hitz egiten duenean. Gehiago badira ere, hauen kasuan bi adibide baino ez ditu aipatzen galdetutakoan: Ruper Ordorika eta Labrit. “Nik uste dut beste publiko bati zuzenduta daudela, baina denek daukate hemen bere lekua”, baieztatu du kazetariak.

Beteranoentzako tokirik bai?

Benetan guztientzako tokia baldin badago, merezi luke galdetzea ibilbide luzeko euskal artista aktiboak ere egitarau orokorrean sartzeko modukoak diren. Benito Lertxundik, adibidez, kontzertu bat eskaini du aurtengo Durangoko Azokaren karietan, baina ordainpekoa izan da, eta Ezkurdiko Jai-Alai frontoian egin da. Ez da, beraz, Ahotsenearen barrukoa izan. Ondoriorik atera behar genuke datu honetatik?

Euskal musikak indar handia duela uste du Alain Hidalgok, eta ez dirudi horrelakoek kezkatzen dutenik bera. Dagoen eskaintza bai gazte, bai helduek goza dezaketela baiesten du ziur: “Musika ona, azkenean, mundu guztiari zuzenduta dago”, esan digu irmo. Ona denak betiko irauten duela ere baieztatu du: “Badaude talde konkretu batzuk betiko iraungo dutenak, eta bai helduak, bai gazteak, eta belaunaldi berriak beraiekin gustura sentituko direnak”.

Hala ere, Ahotseneako eskaintza gozatzen dutenak albo batera utzita, eta musika-estiloen aniztasunari begira, bistakoa da, baita, euskal musika tradizional deitu izan zaionaren presentzia gero eta xumeagoa bihurtuz joan dela Durangoko Azokan. Hidalgori Oskorriren amaia aipatuta, “ziklo bat amaitu” eta gero ibilbidea etetea erabaki duen talde baten adibidea baino ez dela iradoki nahi izan du, nolabait, kazetari gazte honek.

Oskorriren generoak, edozelan ere, talde guztienak bezala, bilakaera izan du urteekin, tradizio edo folk etiketak bidegabe egiteraino. “Gauza berriak sortzea naturala da, normala. Gauzak ez balira mugituko, ez balute eboluzionatuko, iraganean geldituko ginateke betiko”, azaldu du. Hala sortzaile beteranoentzat, nola gazteenentzat, eta oro har musikaren munduan dabilen ororentzat, berritzaile izateak eta uneko joeretara moldatzen jakiteak duten garrantzia garbi azpimarratu du Hidalgok honela: “Ondo funtzionatzen duten betiko taldeek, kalitatezkoek, beti izango dute lekua zerbait badute eskaintzeko”.

Horrenbestez, “zaila” izan arren, talde tradizionalek “era berrietara moldatu” behar dutela gomendatu du Alain Hidalgok. Badu, hori bai, baikor izateko motiborik: “Askok lortu egin dute. Musika ona egiten baduzu, burua zabaltzen baduzu, publiko berria hartzeko arazorik ez duzu edukiko”, berretsi du.

“Azoka publiko orokorrari begira dago eginda”
bottom of page