

Lutxo Egia

“Iraganekoa hartu, gaurkoarekin uztartu eta berriztatzea da ‘tradizioa’ ”

Landako Gunearen aldameneko karpan antolatzen diren kontzertuek aukera paregabea eskaini ohi diete urtero euskal musika-sortzaileei beren azkeneko lanak aurkezteko. Egiak gogorarazten digunez, aurtengo Azokan 70 bat talderen kontzertuak programatu dira, bakoitza musika-proiektu edo album berri bat aurkezteko asmoz. Horiei, gainera, kontzertua eskaini ordez lanak Ahotseneako solasaldietan aurkeztu dituzten artista gutxi batzuk gehitu behar zaizkie, Pier Paul Berzaitzek Egunsentiaren kantak diskoarekin egin duen legez, esaterako.
Gauzak horrela, koordinatzaileak tinko adierazten du Ahotseneak berak ez duela zerikusirik bertan eskaintzen diren musika-estiloen, ezta taldeen beren balizko aukeraketan ere, ez baita, izatez, horrelakorik egiten: “Ahotsenean guk ez dugu programatzen. Guk izen-ematea urrian zabaltzen dugu, eta nahi duenak izena ematen du”, kontatu digu Egiak. Ondorioz, aditzera ematen du zuzenekoen “koadrante” delakoan rocka, folka, pop-a eta askotarikoak ausazko proportzioan agertzea posible izaten dela, eta nabarmendu du “joera alternatiboagoak” gero eta indar handiagoa hartuz doazela: “Gero eta jende gehiago etortzen da nahasketa-mahaiekin, bestelako proposamenekin, joera berriagoekin. Hori ez dago gure esku”, zehaztu du Lutxo Egiak.
Antolatzaileek, horrenbestez, ezin jakin dezakete aurretiaz edizio bakoitzak hartuko duen itxura. Durangoko Azokako kontzertuetan musika-genero batzuk beste batzuen gainean egotea, beraz, garai bakoitzeko joeren araberakoa eta, ondorioz, beren buruak aurkezten dituzten sortzaileen araberakoa baino ez dela uler daiteke bere hitzetatik.
Ibilbide luze eta laburreko taldeek, bat
Esanaz gain, antolatzaileek aldez aurretiko plangintzarik ez egiteak badu beste efektu deigarri bat eskaintzan: bidea egina duten taldeak hasi berri direnekin batera agertzea, tartekatuta. Egiak esaten duenez, aurten Kokein, Lauroba, Etxe edo Gatiburen mailako talde ezagunak izan dira Ahotsenean, eta, euren programa berberean, artean musika munduaren atean joka diharduten beste batzuk izan dira: adibidez, Passepartout eta Huntza taldeak. “Guk hori ez dugu kontrolatzen, baina polita da. Oreka bat sortzen da, nolabait”, uste du Egiak.
Bestalde, euskal musika tradizional edo folklorikoak egungo Durangoko Azokan duen pisuaz galdetuta, oinarrietara jotzen du Lutxo Egiak. “Tradizioa zer da? Lehenik eta behin definitu beharko genuke”, galdegiten du koordinatzaile eta idazleak. Haren ustez, tradizio delakoak ez du izaera estatikorik, eta denboran zeharreko bilakaera baten emaitza da: “Iraganekoa hartu, gaurkoarekin uztartu eta berriztatzea da tradizioa”.
Euskal Kantagintza Berriaren hastapenetan, orain dela mende erdi, Ez Dok Amairu taldeak jarraitu zion teoria bera da Egiak deskribatzen duen hori. “Zentzu horretan, tradizioan ari gara gu etengabe”, gaineratu du, aburu baitu tradizioa ez dela gaurko egunez musika 60ko hamarkadako molde berean sortzea, tradizioari gure garaiko ikuspegitik begiratu behar zaiolako, nolabait esanda. Hala eta guztiz ere, giroan dabilen Oskarbiren musikari erreparatuta, onartu du: “Egia da proposamen desberdinak daudela, folkean entzuten ari garena kasu, gazteen artean agian oihartzun txikiagoa daukatenak”.
Ideiari eutsiz, bueltan doa bazkaritara: “Tradizioa behin eta berriro eraberritzen da. Ezin da ulertu tradizioa zerbait finko bezala”.
Ezinbestean, Azokako musika-eskaintza ederto eta oso gertutik ezagutzen du Ahotseneako zuzenekoak koordinatzeaz arduratzen den idazle bilbotarrak
Ahotsenea izeneko heavy-aren, rockaren, pop-aren, ska-aren eta abarren eremu honetan, salbuespenez bada ere, “folklorezko oasirik” ere aurki daiteke. Oskarbi folk talde gipuzkoarrak, esaterako, mende erdiko ibilbidea ospatu du aurten Durangoko Azokan. “Mendira naiz” beraien azken lana aurkeztu bitartean, zuzenekoen karparen ondoan, eta giro musikal ohiz kanpoko, “bitxi” edota esanguratsuan, bazkaltzeari utzi dio Lutxo Egiak infoKZrekin unetxo batez solasteko