

Jon Eskisabel

“Gaur egun gero eta zentzu txikiagoa dauka estilo konkretuez hitz egiteak”

Gure musikaren gainean ezagutza handia pilatzen du ‘BADOK’ euskal kantagintzaren atariaren arduradun eta bultzatzaile sutsuena den Berria taldeko kazetari honek
Ahotseneako solasaldien aretoa, Landako Gunearen hego atearen ondoan kokatua eraikin barruan, txoko txiki-txikia da, aski diskretua, zertxobait intimoa. Gehienbat berba hutsezko sortzaileek —alegia, idazleek— erabili ohi dute, baina aurkeztu nahi duten lanaren gaineko azalpenak edo elkarrizketak eskaini nahi dituztenek erabil dezakete, oro har. Hala izanik, 'Bide Ertzean: zutaz kantatzeko' izeneko azken lana, gertutik ezagutzen duen Bide Ertzean pop taldearen biografia, aurkeztera joan da bertara lasartear kazetari ezagun hau. Disko-liburu kaleratu berriarenak amaitutakoan tartetxo bat eskaini digu Ahotseneako musikaz jarduteko.
Kontuan hartuta Durangoko Azokako kontzertu eta standetan zein musika-estilo nagusitzen diren, gaur egun eta aspaldidanik, ondoriozta liteke eskaintza musikalaren publikoa gero eta homogeneoago bilakatuz joan dela, behinik behin, adinari dagokionez. Sortzen direneko gazteriari zuzenduak izan ohi direnez garai jakin bateko rocka, pop-a eta horrelakoak, pentsa genezake gaur egungo Ahotseneak gazteak edo, gutxienez, arima gazteko lagunak izaten dituela helburu. Pentsatu, pentsa daiteke, baina hemen eta edonon buru beste aburu egon ohi da.
Jon Eskisabelek, adibidez, ez du uste eskaintza “homogeneoago” edo “pobreago” bilakatu denik urteekin. “Ez nuke esango, bat-batean, gero eta homogeneoagoa denik disko eskaintza, ezta gero eta gazteagoa denik ere”, hausnartu du. Eskisabelek Azokan ikus daitekeena zabala dela baieztatzen du, baina onartzen du folk esan izan zaionaren presentzia badela gero eta urriagoa, eta joera urteetakoa izan dela dagoeneko: “Folk gutxiago eta rock gehiago egotea ez dut uste oraingo fenomenoa denik”, gehitu du kazetariak, betiere folk gisa ulertuz behinola Oskorrik eta horren tankerako taldeek ekoizten zuten hori, hark iradoki bezala.
Izan ere, ikuspuntua ematean, Eskisabelek ondo du gogoan musika-generoen artean betidanik izan den hibridazio handia. “Gaur egun, folk taldeen definizioa ere asko aldatu da”, esan du horren harira, eta jarraitu du zera arrazoituz: “Beste estilo batzuekin lotzen da”. Horren adibide gisa Baionako Begiz Begi post rock taldea ipintzen du Jon Eskisabelek, beraien musikak “folkaren eragina” duela irizten baitu. “Estiloak gero eta nahasiagoak dira. Estilo bakar bat egiten duten taldeak gero eta gutxiago dira”, esan du kazetariak argudioa biribiltzeko.
Honakoak argituta, bistan da Eskisabelek kinka larrian ipintzen duela musika-estiloak sailkatzeko usadiozko bide arrunta, talde bakoitzaren berezitasunetatik harago, sano hankamotz gelditzen delako sortzaileen generoak deskribatzerakoan, modu orokorrean bada ere. Hori dela eta, gaur egun zeregin horretan aldez aurretik definitutako estilo konkretuez baliatzeari gero eta zentzu txikiagoa antzematen dio aditu honek: “Folka, rocka, pop-a, herri musika… hori guztia nahastua dago. Egun herri musikak eta popak elkar elikatzen dute!”, baieztatu du.
Etiketa edo konbentzio zurrunetatik ihesi, hortaz, estiloen eskaintza zabala dela berresten du Jon Eskisabelek. Aniztasunaren ustezko pobretze hori, akaso, jendarteko ezagutza ona ez izateagatik gerta litekeela ere suposatzen du. Argudioak badu logika apurra. Izan ere, badira zenbait musika-ekimen minoritario, euskaraz inoiz gutxitan ikusiak gaurdaino, oraindik hedatzea falta dutenak. Eskisabelek euskal hip-hoparen adibidea jartzen du honen harira: “Duela urte batzuk apenaz zegoen hip-hop diskorik, eta aurten lauzpabost berri egongo dira seguruenik”.
Ez desilusioari aterik ireki!
Oro har, beraz, esan liteke Jon Eskisabelek aditu gehienek eta publiko orokorrak gai honetaz eduki ohi dutena baino iritzi baikorragoa darabilela. Bere esanetan, “askoz orekatuagoa eta anitzagoa da dena” gaur egungo Ahotsenean, iraganean “soinu batzuek askoz ere presentzia handiagoa” baitzuten besteen aldean.
Kazetariaren aburuz, taldeek estilo-nahasketara gero eta gehiago jotzen dute formula bereizgarrienaren bila . Horrexegatik ez du Eskisabelek kezkarako arrazoi funtsezkorik: “Ni baikorra naiz euskal eszenaren osasunaz”, baieztatu digu, eta amaitu du: “Ez zait iruditzen kalitateak okerrera jo duenik”.